|
|
HERRIEN ARTEKO FOLKLORE JAIALDIA |
|
| Home | Herrien Arteko Folklore Jaialdia | Atalak | Urteko Jarduerak | Emanaldi Seinalatuenak | |||
| Hasiera | Historia | Irudiak | Bideoak | Ordutegiak | Harremanetarako | Estekak | Solasguneak |
1997. urtean, Gijoneko 'Excelsior' Folklore taldeak gonbidatu egin gintuen hara joan gintezen, eta horren truk, geroago eurak hona ekar genitzan. Orduantxe sortu zitzaigun folklore jaialdi bat egiteko aukera paregabea eta, hartara, "HERRIEN ARTEKO FOLKLORE JAIALDIA" izeneko asmoa jaio eta gorpuztuz joan zen.
1997ko lehenengo jaialdi hura ez zen erronka samurra izan elkartekideontzat, batetik, eskarmenturik ez genuelako horrelako ekitaldiak antolatzen, eta bestetik, beldur ginelako ez ote genuen betarik izango; izan ere, uztailean hasi ginen antolaketan eta, uda tartean, jaialdiaren data oraindik ere finkatu gabe zegoen.
Udalaren Kultura Arloarekin harremanetan hasi eta elkar hartuta adostu zen egokiena azaro hondarrean egitea zela, folklore ekitaldi gutxiko sasoia baitzen eta, musika jaialdia ere izanik, data horiexetan musikarien zaindari Santa Zezilia ospatzen baita.
Azkenik, "HERRIEN ARTEKO I. FOLKLORE JAIALDIA" 1997ko azaroaren 15 eta 16an egin zen, Barakaldo Antzokian, eta bertan parte hartzen izan ziren: Gijoneko "Excélsior" folklore taldea (Asturias), Bardenako "Cinco Villas" jota taldea (Zaragoza), eta Euskal Herritik, jakina, talde antolatzailea bera: Ibarra-Kaldu.
Lehen eguna, dantzaren eguna izan zen, eta bigarrena, musikarena. Ondoren, Ibarra-Kalduren egoitzan, adiskide arteko otordua egin zen eta, parte hartu zuten hiru herrialdeetako ohiko jaki eta edariak lagun, aukera ugari izan zen folklorearen zein jaialdiaren gaineko iritziak elkarri emateko.
Horretaz gain, erakusketa bat ere antolatu genuen, jaialdian izan ziren hiru autonomietako kulturaren hainbat alderdi ezagutarazteko, kartelak, argazkiak, esku orriak, etab. baliatuz. Euskal Herriari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo Sailaren laguntza izan genuen, publizitaterako gai askotxo eskuratu zigun eta.
Eta ezin aipatu gabe utzi jasotako zorionak eta balorazio positiboak, hala etorritako taldeen partetik, nola ikusleengandik edota antolatzaileen aldetik ere, bai gure elkartearen barrutik, bai Udalaren Kultura Arlotik.
Eta horrek zer ekarriko eta Bardenako 'Cinco Villas' jota taldearen jaialdian parte hartzeko gonbita. Esan eta egin: 1998ko abenduaren 5, 6 eta 7an hantxe izan ginen, Zaragozako lurretan.
Horrek guztiak jaialdiari jarraipena emateko beharra sentiarazi zigun. Hartara, Barakaldoko Udalaren Kultura Arloaren bitartez, Estatuko ia probintzia guztietara jo genuen, folklore taldeen datu-base bat osatzearren, hurrengo jaialdietara nor ekarri jakiteko. Hasierako haietatik honako hauek aukeratu genituen Herrien Arteko II. Folklore Jaialdirako: Puertollanoko "Virgen de Gracia" folklore elkartea (Ciudad Real) eta Ponferradako "El Castro" dantza taldea (León).
1999an nazioarteko kutsua biziagotu egin genuen, Barakaldoko herriari urrunagoko beste herri batzuen kultura erakustearren. Horrela, "Herrien Arteko III. Folklore Jaialdia" Alacantetik etorri zen Alcoyko "Carrascal" dantza taldeaz gain, Andorratik bisitari izan genuen "Esbart Dansaire D'Andorra La Vella". Aurreko urtean bezala, asteburu batean egin zen jaialdia, alegia, azaroaren 20an dantzaren eguna eta 21ean musikarena, eta aldi berean herri horietako kulturaren erakusketa egin zen.
2000. urtean laugarren "Herrien Arteko Folklore Jaialdia" egin genuen, eta Ibarra-Kaldu taldearekin batera, Pontevedrako CELME folklore elkartea (Galicia) Taveiro-Coimbrako taldea (Portugal). Berriro ere, beste elkarte batek kulturgintzan egindako lana omentzeko baliatu nahi izan genuen jaialdia, eta musikaren egunean gonbidatu berezi bat izan genuen gurekin: Hala Dzipo! musika eskola, urte horretan hamargarren urteurrena ospatzen baitzuen.
"Herrien Arteko V. Folklore Jaialdia" 2001ean egin genuen eta, nazioarteko kutsua areagotzeko, Bretainiatik ekarri genuen talde bat: KELC´H KELTIEG ROSTREN. Harekin batera, Cacereseko Udalaren Kantu eta Dantza Taldea. Eta musikaren egunean, Barakaldoko Galiziaren Etxearen mendeurrena ospatzeko, DOCES LEMBRANZAS taldea izan genuen lagun.
2002an “Herrien Arteko VI. Folklore Jaialdia” izan zen eta dantzaren egunean Lombardiako TERRA DEL SOLE (Italia) eta Kataluniako ESBART SANT MARTÍ taldeak izan genituen gurekin. Musikaren egunean, berriz, BIZKAIKO GAITEROAK gonbidatu genituen, eta Barakaldoko Udalaren Musika Bandarekin aritu ziren lanean.
Hurrengo urteko “Herrien Arteko VII. Folklore Jaialdia” antolatu genuen eta, ohi bezala, bi gonbidatu izan genituen dantzaren egunean: Izegem hiriko "DIE BOOSE" taldea (Belgika) eta Sta. María del Campoko "ESCUDEROS DEL ARLANZA" kantu eta dantza taldea (Burgos). Musikaren egunean, gonbidatu berezi bat izan genuen: "LAGUNTASUNA Fanfarrea". Ohiko Barakaldoko bi saio egunei, beste bat erantsi genien, beste egun batean, Bilboko 'Esperanza" pilota lekuan eskaini egin baikenuen dantzaren eguneko ikuskizuna, Bilboko Udalaren Kultura Arloarekin lankidetzan.
2004an, “Herrien Arteko VIII. Folklore Jaialdia” egin genuenean, Menorcako "ES PENELL" dantza taldea eta Kantabriako RIBAMONTAN AL MAR hiriko dantza taldea izan genituen dantzaren egunean. Horretaz gain, musikaren egunerako, txistu kontzertu handi-handia egin genuen, ehunetik gora lagunek parte harturik, hala noa, txistulariak, perkusiolariak, metalezko musika tresnen taldea eta koroa, Bilboko MUSIKA ESKOLAren lankidetzari esker. Eta hirugarren egunean, dantzaren egunean egindako berbera eskaini genuen berriz, non eta Bilboko Guggenheim Museoaren zabalgunean.
Bederatzigarren jaialdian, gonbidatuta ekarri genituen SAN ASENSIOKO DANTZARI TALDEA (Logroño) eta Tenerifeko OROVAL FOLKLORE ELKARTEA. Musikaren egunean, HASI Bertso Eskolako bertsolari bi izan genituen lagun, baita Barakaldoko HALA DZIPO abesbatza. Eta hirugarren egunean, Traparanera eraman genuen jaialdia, non Tenerifeko taldea bertako "DANETARAKO DANOK" taldearekin batera aritu zen.
2006an, hamargarrenez egin genuen "Herrien Arteko Folklore Jaialdia", eta ospatzeko asmoz, lehenengo jaialdira etorri ziren lurralde berberetako taldeak ekartzea deliberatu genuen. Eta, hala, dantzaren egunean honako talde hauek izan genituen: Monzoneko "Nuestra Señora de la Alegría" taldea (Huesca) eta Colungako "Xagardua" taldea (Asturias). Musikaren egunean, berriz, Bilboko "Aspaldiko Txistulariak" txistu taldea, Portugaleteko Elai-Alai taldeko dultzaineroak eta Sestaoko "Zugarramurdi Txalaparta Eskola". Baina Barakaldotik kanpora ere eraman genuen gure jaialdira: Muskizera, hain zuzen ere. Hantxe, guk gonbidatutako dantza taldeak bertako ´"Intzarri" dantza taldearekin aritu ziren "Meatzari" Aretoan.
ANTOLATZAILEAK

BABESLEAK

LAGUNTZAILEAK

http://ibarrakaldu.webcindario.com